AURKEZPENA
“Pertsonarik xume eta ahulenak nagusi eta ahaltsuenek dituzten eskubide zibil, ekonomiko eta sozialak balia ditzakeenean soilik da demokratikoa komunitate bat”. A. Philip Randolph.
Niretzat oso pozgarria da Ararteko erakundearen 2016. urteko txostena aurkeztea. Bertan bildu dira urte horretan egindako jarduera eta ekintza guztiak, eta, aldi berean, Euskal Autonomia Erkidegoan giza eskubideak oro har zertan diren erakusten du. Gainera, txosten hau Euskadiko defentsa-erakundean lanean diharduten 52 pertsonek egindako lan bikainaren emaitza da.
Gure erakundea eta aurten egin dugun jarduera ez dira egoera orokorretik kanpo geratu. Aipatzekoa da gehitu egin direla herritarrekin lotuta dauden Arartekoak jarduerak, 10.958ra iritsi baitira; hortaz, aurten %23 hazi da Arartekoaren jarduera. Berriro ere lanez gainezka ibili gara azaldutako kexa eta kontsultengatik (8.171). Gehikuntza hori egiaztatzeko, begiratu besterik ez diogu 2010. urteari, orduan ikusten hasi baitziren krisiaren ondoriorik larrienak; orobat, %70 hazi dira herritarren kexak, arrazoi askorengatik, baina, batez ere, eduki ekonomikoko gizarte-prestazioei buruzko kexek eragin handia izan dutelako.
Era berean, urtetik urtera gora egiten du herritarrak artatzeko gure bulegoetara etortzen diren herritarren kopuruak, nagusiki Bilboko bulegoan, 5.600 lagun joan baitira hara 2016an.
Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren jarduerari dagokionez, 2016an 521 espedientetan ikusi da haurrak eta nerabeak tartean zeudela, hau da, Ararteko erakundeari egin dizkioten 5 kexetatik 1ean. Kexa horiek gaiaren arabera banatzen baditugu, %40 beraien familiek bizi duten prekariotasun ekonomikoari buruzkoak dira; %29k hezkuntza-sistemarekin loturako hainbat gai dituzte hizpide; babesik gabeko haurrentzako gizarte zerbitzuek eta familiei laguntzeko politikek kexen %6 hartzen dituzte bakoitzak; eta gainontzeko arloak (osasuna, aisia, kirola, justizia, ingurumena) bulego horren espedienteen %5 baino gutxiagotan agertzen dira.
Kexak bideratzeaz gain, Arartekoak txosten bereziak eta azterlanak egin eta argitaratzen jarraitu du 2016an, gure ustez arreta berezia behar duten talde eta egoeren gainean, Euskadin eskubideak baliatu ahal izatea behar bezala babestuta egon dadin herritar guztientzat, berdintasun egoeran.
Horrekin batera, Arartekoak era askotako jarduerak egin ditu oinarrizko eskubideei begira arau-hauste, gabezia, arrisku edo ahultasun egoeran dauden taldeen inguruan. Horrela, erakunde honen lan-arlo bakoitzeko jarduera-planetan abiarazten diren hainbat ekimen burutu dira. Besteak beste, bilerak egin ditugu gizarte-erakundeekin eta herri-administrazioetako arduradun batzuekin; jardunaldi, mintegi eta biltzarretan parte hartu dugu; ikerketa-bekak iragarri dira, e.a.. Tresna horiei guztiei esker, informazio zehatza eta eguneratua biltzen dugu aipatutako egoera horietaz, geroago herri-administrazio eskudunei gomendioak egin ahal izateko.
Bestalde, Arartekoarentzat lehentasunezkoa den alderdi batean sakontzen jarraitu dugu: hain zuzen, gizarte zibil antolatuarekin ditugun harremanetan. Izan ere, informazio garrantzitsua ematen digu gure lanerako, eta, gainera, modu erabakigarrian laguntzen du herritarrek beren eskubideak baliatzeko orduan bizi duten egoera hobetzen; horrela, zuzen esan daiteke Arartekoaren zereginak betetzen laguntzen duela. Horren guztiaren berri zehatzagoa ematen da txosten honen V. atalean.
Erakunde honentzat eragingarria da kexak edo kontsultak egitera Arartekora jotzen duten pertsonek erakusten diguten konfiantza handia. Horixe egiaztatzen du kexa-espedienteak bukatutakoan kexagileei bidaltzen diegun inkestaren emaitzak. Inkesta horien arabera, hauxe ondoriozta dezakegu: kasuetatik %81ean, beste pertsona batzuei Arartekora joateko gomendatuko liekete, administrazioarekin arazorik izango balute. Eragin hori herri-administrazioekin dugun elkarrizketa zintzo eta konstruktiboaren fruitua da. Elkarrizketa horren ondorioz, aldaketak egiten dira araudietan eta politika publikoetan, eta, azken finean, pertsonen bizimodua hobetzen laguntzen da. Arartekoaren esku-hartzea oso eraginkorra dela nabarmendu behar da, izan ere, 2016an, eragindako administrazioak kexa sortarazi zuen jarduera zuzendu eta aldatu du kasuetatik %93tan.
Batzuetan, administrazioei gogorarazi behar izan diegu arauak kasu zehatz bati ezartzeak berekin dakarrela kasuan kasuko pertsonaren banakako egoera onartzea, eta oraingoa bezalako garai gorabeheratsuetan, ezinbestekoa dela arauak berriz interpretatzea eta ahalik eta erraztasunik handienak ematea, administrazioaren jardueran arau horien muina bete dadin.
Tamalez, 2016an ere biziago nabarmendu da krisi ekonomikoa, pertsona eta talde ahulenen bizkarrak zamatuz. Arartekoak eskubide sozialen gainean jaso dituen kexak dezente ugaritu izanak argi erakusten du zer-nolako arazoak bizitzen ari diren Euskadiko biztanle asko. Eskubide sozioekonomikoek gizakiaren duintasunaren bizkarrezurra osatzen dute; horregatik, politika publikoak eratzean, eskubide horiek baliatu ahal izateko pixkanaka aurrera egitea lehenetsi behar da. Hain zuzen ere, krisi ekonomikoko garaietan hartzen du garrantzirik handiena eskubide ekonomiko eta sozialen egungo egoerak.
Krisiak bere aurpegirik mingotsena erakutsi digu: langabezia eta ohiko etxebizitza galtzea; baina, aldi berean, elkartasunaren eta duintasunaren balio gorena ere erakutsi digu, baita justizia soziala nahi izatea ere, eta hori guztia herritarrek laguntzeko asmoz abiarazi dituzten ekimen askotan gauzatu da.
Horregatik, aukera honetaz baliatuta, gizarte-erakundeen eta GKEen eginkizun eratzaile eta euslea aldarrikatu nahi dut, bada horietako asko ekonomikoki ahulduta dauden arren -diru-laguntzak murriztu egin baitira krisi ekonomikoagatik beragatik- ahalegin handia egin dute gizarteratzearen, kohesioaren, ekitatearen eta gizarte justiziaren alde burutzen duten lanaren inguruko kontzientzia eta garrantzia sendotzeko.
Era berean, adin handiko pertsona askoren lan txalogarria nabarmendu nahi dut, izan ere, banaka edo beren familiekin, edo gizarte-erakundeetako kide gisa, gizalegearen, justizia ekitatiboaren, adorearen eta komunitate erantzukizunaren eredu bihurtu dira. Sekula ez diegu behar adina eskertuko beraien isileko eta etengabeko lana, gizarte gisa daukagun barru onenarekin lotzen gaituena.
Aitzitik, emakumearen kontrako indarkeria gehitu izanak, bai erarik latzenean, hilketak burutuz, baina baita delitu sexualak eginez ere, urrundu egiten gaituzte emakumeak errespetatzen dituen gizartetik, eta gutxi eboluzionatu duen gizarte baten ispiluaren aurrean jartzen gaitu. Beraz, lehenbailehen berraztertu behar dira genero indarkeria jasaten duten emakumeak artatu, defendatu eta zigor arloan babesteko mekanismoak, eta berriz pentsatu behar da nola egin daitezkeen eraginkorragoak gizarte-pentsaera sakon aldatzera erabakitasunez bideratuta dauden politika publikoak, pentsaera horretan oraindik ere gehiegitan nagusitzen dira balio patriarkalak.
Ahaztu gabe, berariaz aipatu nahi dut Europan bereizkeriak gora egin duela, EBren bereizkeriari buruzko txostenaren berri emanez (Discrimination in the EU in 2015. Report Special Eurobarometer 437). Txosten horren arabera, europarrek sumatzen dute bereizkeria areagotuz doan fenomenoa dela. 2012tik aurrera egindako konparazio bidezko analisian azpimarratzen da bereizkeriazko jarduerak gehitu egin direla jatorri etniko desberdina duten pertsonekin; LGTBI pertsonekin (lesbiana, gay, transexual eta transgenero, bisexual eta intersexualekin); erlijio gutxiengoetako kideekin; ezgaituekin; eta, azkenik, sexuagatik diskriminatzen diren pertsonekin. Gai hori ezin dugu alde batera utzi. Desberdina denari eraso egiten dioten banakako edo taldekako portaerek eta jarrera xenofoboek ustez gaindituta geneuzkan garaietara itzularazten gaituzte, eta ohartarazi behar gaituzte inboluzio demokratikoa gertatzeko arriskua dagoela eta horren kontra erne egon behar dugula.
Orobat, Europan asilo eta babes eske dabiltzan ehunka mila lagunen egoerak okerrera egiten jarraitzen du, Europar Batasuneko estatu kideetan harrera-prozedurak pittinka-pittinka izapidetzen diren bitartean, Europako Batasunak bere garaian (orain urte eta erdi) finkatu zituen birkokatze eta birlekukotze kuotak betetzeko asmoz. Prozedura horien desesperatzeko moduko moteltasunak eta eraginkortasunik ezak kezka handia, frustrazioa eta amorrua sortu dituzte biztanleen sektore askotan. Ez zaio erantzun egokirik ematen begi-bistan dugun krisi humanitario larri eta bizi honi.
Hori dela eta, Arartekoak zenbait ekimen hasi ditu jendea egoera horren gainean sentikorrago bihurtzeko (txosten honetan duzue ekimen horien berri). Azken ekimena 2017an abiarazi da: joan den otsailaren 2an, autonomia erkidegoetako herriaren defendatzaile guztiok baterako adierazpen bat egin genuen; bertan, hainbat proposamen egin genituen aho batez, eta Europako, Estatuko eta autonomia erkidegoetako agintariei eskatu genien bete ditzatela asilo eskatzaileak birkokatu eta birlekukotzearen arloan hartu zituzten konpromisoak, eta lankidetzan aritzeko behar diren neurriak har ditzatela, egungo egoera onartezinari amaiera emateko.
Erakunde honen ustez, gardentasuna eta herritarren partaidetza funtsezkoak dira kalitateko gobernantza bat lortzeko, demokrazia aurreratuko printzipioetan eta gobernu irekiaren asmo handiko helburuan finkatutakoa, eremu publikoa eraikitzera bideratutakoa. Horretarako, Arartekoa bezalako erakunde eskubide-defendatzaileak tresna egoki eta berariazkoak dira, bai gardentasuna ikuskatzeko, bai herritarrek administrazio publikoen jarduerei buruzko informazioa guztiz eskuratu ahal izango dutela ziurtatzeko, administrazio ona egiten ote den ikuskatuz eta herritarren eskubideak defendatuz, eta herri-administrazioen jarduera interes publikoa lortzera bideratuta dagoela ziurtatuz, interes orokorra bermatze aldera.
Globalizazioaren fenomenoak eta nazioarteko ikuspegi baten beharrak, inon garrantzi berezirik izatekotan, giza eskubideen arloan dauka. Giza eskubideei eta horien bermeei dagokienez, ezin da tokian tokiko ikuspegia bakarrik izan. Nahitaez ezagutu behar dira giza eskubideei buruzko nazioarteko tresna juridikoak, zeinak, Konstituzioko manua dela eta, Estatuak sinatzen dituenean, barne-araubidearen osagai bilakatzen diren. Horregatik, beharrezkoa iruditu zaigu Ararteko erakundeari “nazioarteko ikuspegi bat” gehitzea, ez bakarrik nazioarteko araudia sakon aztertuz, gero gure lanean ezartzeko asmoz, baizik eta baita ere Ararteko erakundeak nazioarteko beste erakunde eskubide-bermatzaile batzuekin dituen harremanak sendotzeko.
Beraz, 2016. urtean barrena, gehitu egin da Arartekoak nazioartean duen presentzia eta jarduera, txosten honen IV. eta V. ataletan ikusten denez, eta harremanak ugaritu dira IOIrekin (International Ombudsman Institute), ENOrekin (EBko Ombudsmanaren Sarea), OIFekin (Ombudsmanaren Iberoamerikako Federazioa), IALCrekin (Hizkuntza Mandatarien Nazioarteko Elkartea), baita bi aldeko harremanak ere nazioarteko beste erakunde batzuekin eta Europako hainbat herrialdetako ombudsmanekin.
Bukatzeko, garrantzitsua iruditzen zait honako hau adieraztea: giza eskubideak babestu eta hobetuko badira, ezinbestekoa da herritar konprometituak, zorrotzak eta errespetuaren eta eskubideak babestearen balio demokratikoetan burua sartuta daukatenak izatea. Erregutzen dut Euskadin norabide zuzenean aurrerapausoak egiten jarrai dezagun, hau da, gure herrialdeko pertsona eta talde ahulenak babesten, bada, Cynthia McKinney-k zuzen adierazi duenez, “Askoz indartsuagoak gara elkarri eskua ematen diogunean eta ez elkarri eraso egitean, gure aniztasuna ospatzen dugunean (...) eta elkarrekin bidegabekeriaren harresi ahaltsuak botatzen ditugunean”.
Manuel Lezertua Rodríguez
ARARTEKOA